jueves, 6 de octubre de 2011

Droga saltzaile sare bat desegin dute Guardia Zibilak eta Ertzaintzak Euskal Herrian

Hamabi etxe eta Barkaldoko laborategi bat miatu dituzte
Unai OIARTZUN
Guardia Zibilak eta Ertzaintzak droga trafikoaren aurkako operazioa aurrera eraman dute hego Euskal Herrian. Operazioan hamabost lagun atxilotu eta 124kilogramo droga antzeman dituzte, speed-a, kokaina, estasia, kristala, haxisa eta marihuana besteak beste. Sarea EAEn, Nafarroan, Kantabrian eta Errioxan zegoen martxan.
 Hamabost atxilotuetako hamaika espetxean sartu dituzte. Ustezko trafikatzaileek garraioaren arloan lan egiten dutela baliatuz droga saltzen omen zuten. Ikerketan ekainean hasi zuen Guardia Zibilak, Erriberan speed-aren kontsumoaren igoera nabarmena zela eta. Beranduago ikerketa Ertzaintzak burutzen ari zuen beste batekin gurutzatu eta handik aurrera elkarrekin bideratu zuten.
Informazio gehiagorako:


domingo, 2 de octubre de 2011

YouTube euskaratu dute

Gaur egun  YouTube 51 hizkuntzatara itzulita dago

YouTube interneten bidez bideo digitalak konpartitzeko aukera ematen duen web orrialdea da eta joan den ostegunetik aurrera bere zerbitzuak euskaraz eskaintzen ditu. Bideoak online bistaratzen dituen webgune hau munduko orririk bisitatuenetarikoa da, egunean 3 mila milioi bideo baino gehiago ikusten dira  eta jada 51 hizkuntzatara itzulita dago.
YouTubek Adobe Flash formatua erabiltzen du bere edukia eskaintzeko.. YouTuberen barruan mota askotako bideoak aurkitu daitezke eta hauek bertan jartzea oso erraza denez, milioika jendek igotzen ditu egunero bereak. Nahiz eta, YouTuben, copyright duten bideoak jartzeko arauak egon, telebistako saioak, pelikulak, musika bideoak eta bestelako materiala ere aurkitu daiteke. YouTubeko bideoetara dauden loturak, blog eta web orri pertsonaletan jarri daitezke APIak erabiliz

2005. urtean sortu zuten PayPal enpresan lan egiten zuten hiru langilek (Chad Hurley, Steve Chen eta Jawed Karim) eta zerbitzua berehala egin zen ezagun mundu osoan zehar.  Handik urte eta erdira, 2006ko azaroan, Googlek 1.650 milioi dolarren truke erosi zuen. Egun, bilatzailearen azpi-atal bat bihurtu da. YouTubek eragin handia izan du interneten, eta horren erakusle da 2006an, Time aldizkariak "urteko asmakuntza" bezala izendatu izana.

Zallako lehengo sektoreak bere kalitatea agerian uzten du Gangaseko azokan

Ehun ekoizle baino gehiago eta 70 abeltzain batu dira Zallan, igandean ospatuko den Gangaseko azokan


 
Igande goizeko hamarretan hasiko da Gangaseko azoka. 1947.urtean bihurtu zen erakustaldia lehiaketan eta ordutik urtero hainbat abere eta nekazal produktu biltzen dira Zallan. Ia 200 abere erakutsiko dira herriko Artebizkarra auzoan. Fruta eta barazkiak ere egongo dira azokan eta aurten  behi, ardi eta zaldiak ez ezik, 15 asto ere  jarriko dituzte animalien gunean.
Aurtengo azokak herriko 70 abeltzain bilduko ditu. Goizeko hamarretan hasi eta hamabi t’erditan txahala dastatzeko ticketak banatuko dituzte, ordu erdi geroago dastatzea hasiko da Galdameseko Ogiaren laguntzaz.
Herriko ekoizle eta abeltzainak udalaren kolaboratzaileak izan dira betidanik eta urtero doaz feriara. Euren lana erakusteko eta bezeroekin harremanak estutzeko momentu aproposena dela irizten dute eta horrez gain, zenbait bezero berri lortzen dituzte.
Han izango dira Dani Heras eta Jon Zulueta, Zallako bi abeltzain. Urtero doaz feriara eta herrian duten kalitatea erakusteko aukera bikaina dela uste dute. Elkarlanean aritzen direla adierazi dute biek. “Lehengo sektorean lan egiten dugunok zailtasun handiak ditugu, beste sektoreetan lan egiten dutenek baino gehiago. Bata besteari laguntzea ezinbestekoa da, ez baitugu laguntza handirik.”, aitortzen du Dani Herasek.

Durangoko Open Klubeko kideak kantzerraren aurka

Durangoko Open Klub gimnasioko erabiltzaileek egutegi bat egin dute Durangoko Kantzerraren kontrako elkartea laguntzeko.

Hurrengo urterako egutegia egin dute Durangoko Open Klub gimnasioko erabiltzaileek, herriko Kantzerraren kontrako elkarteari dirua emateko. Laguntza ekonomikoa egin ez ezik, Durangoko jendea animatu nahi dute kirola egitera, izan ere, kantzerra saihesteko oso ona da.
Open Klubeko gimnasioko adin eta lanbide guztietako kirolariak bildu dira eta guztiek parte hartu zezakeen ekintza egitea bururatu zitzaien. Egutegia sortzea iruditu zitzaien ideiarik onena eta egitasmoa martxan jarri zuten. “Durangoko norbait lagundu nahi genuela argi geneukan eta, beraz, Kantzerraren kontrako elkartean pentsatu genuen”, adierazten du Amaia Carrasco ekimenaren sustatzaileak.
Urtarrilean hasi ziren proiektuarekin eta ordutik ari dira lanean. Hainbat argazki atera dituzte eta horietatik hamabi aukeratu dira egutegian jartzeko. Gimnasioko toki ezberdinetan atera dituzte hamabi argazkiak eta bertan egin daitezkeen ariketa eta kirolen seinale dira guztiak. Ustekabeko argazkiak ere sartu dituzte egutegian, erabiltzaileek ondo pasatzen duten momentuak harrapatzeko asmoz. Amaia Carrascok oso esperientzia polita izan dela aitortu du, non guztiek hartu duten parte.
Egutegia egina dago baina oraindik azken ukituak eman behar dizkiote. Durangoko Kantzerraren kontrako elkartea oso pozik dago Open Klubeko erabiltzaileek egindakoarekin eta kantzerraren kontrako borrokan lagun dezakeen edozer hartuko duela esker onez azaldu du. Datorren urriaren 19an herriko Jai Berrian aurkeztuko dute proiektua arratsaldeko zazpi t‘erditan.

Informazio gehiagorako jo:

Emakumearen arkatz arrastoa bizirik

Emakumeek komikigintzan utzitako arrastoa bildu dute 'Emakume komikigileak. Istoriotxo, komiki eta tebeoen egileak' erakusketan

Donostiako Aiete auzoko kultur etxean Emakume komikigileak. Istoriotxo, komiki eta tebeoen egileak erakusketa ireki berri dute. 1970. urte inguruan argitaratutako 27 komikigileren lanak bildu dituzte erakusketan, haietariko asko autobiografikoak, eta guztiek ezaugarri bat dute komunean, emakumeek egindako komiki eta zintak direla. 

Erakusketa honen bidez gizonen esku egon den mundu horretan emakumeak bere bidea irekitzen jakin duela ikusi dugu, komiki sozial, autobiografiko edo umorezkoak lantzen. Elena Vergara komisarioa izan da komikien galbahe eta aukeraketaz arduratu dena, baina aukeraketa simple bat egiteaz gain, beti xumetzat eta txikitzat hartu izan den komikigintza kontzeptu eta mezu sakonak transmititzeko gai dela ere nabarmendu nahi izan dute, eta artea ere badela erakutsi. 

Erakusketak 1960ko urteak ditu abiapuntu eta urteekin batera egiten du aurrera, azken urteotako sormen lanekin bukatuz. Debbie Dreschlerren (AEB, 9153)  aurreneko lanekin batera Jessica Abel, Marijane Satrapi edo Julie Douceten komikian ikus daitezke, hainbat belaunaldiren arteko aldaketa eta jauzia agerian uzten dutenak. Erakusketan gaiak eta komiki-teknikak urteetan zehar aldatzen joan direla ikus dezakegu eta komiki batetik bestera denboran atzera egiteko, haurtzarora itzultzeko eta drama pertsonaletan murgiltzeko aukera ematen digu.

sábado, 1 de octubre de 2011

Nafarroako tuneletan argi gutxiago piztuko dituzte

Murrizketa honen bidez urtean 333.000 euro aurreztea espero dute
Pasa den ostiraletik aurrera argi gutxiago piztuko dira Nafarroako Errepide sareko tuneletan. Nafarroako Gobernuak energia aurrezteko bide bezala hartu du erabakia. Batez ere tuneletako sarrera eta irteeretan izango du eragina, azken honetan irteerak bi noranzko baditu bakarrik. Gainera egungo argi-errefortzuak kenduko dira aldi lainotsuetan. Hala ere gaueko argiztapena ez da murriztuko zonalde batetan ere.
 Iruñerriko Ekialdeko sahiesbidean ere argi gutxiago piztuko dituzte. Erdibitzailearen argiztapena murriztuko da Cordovilla eta NA-150 errepidearen elkarguneko biribilgunearen artean hain zuzen ere. Erdibitzailearen gainerako argiak gauerdia eta goizaldeko 05:00ak artean itzaliko dira, trafikoaren intentsitatea asko jaisten den uneekin bat eginez. Dena den, Ingurabideko lotuneen argi guztiak piztuta segituko dute gau osoan, bide-segurtasuneko puntu kritikoenak baitira.
Nafarroako Gobernuak adierazi duenez 2.091.000 kilowatio gutxiago gastatuko dira, eta horrekin urtean 333.000 euro aurreztea espero da. Guztira 1.523 argi itzaliko dira Nafarroako tuneletan, eta Iruñea ekialdeko sahiesbidearen kasuan 202. Baztan-Bidasoa eskualdeetako hainbat tunel izango dira salbuespen bakarrak: Belatekoa, Almandotzekoa, Sunbillakoa eta Berakoa hain zuzen ere.
Aurrezteko plana martxan jarri aurretik, Sustapen eta Etxebizitza Departamentuko Zaintza Zerbitzuak  hainbat argiztapen-proba egin ditu tuneletan eta Iruñea Ekialdeko sahiesbidean.


Hildako balea bat agertu da Zarauzko hondartzan

Bigarrena da azken hilabete honetan
Zarauzko uretan balea bat agertu zen ostiral arratsaldean, hilda, Zarauzko hitzak adierazi duen bezala. Beraza parean, agertu zen, Alle puntaren altueran. Hasiera batean ez zegoen argi balea edo katxalotea zen, baina Ertzaintzak ziurtatu du balea dela. Zazpi bat metro neurtzen ditu animaliak, eta erabat ustelduta dago, hortzak eta burua janda, eta kiratsa dario, aspaldi hil zelaren seinale.
Jende ugari gerturatu da ur ertzera balea hurbiletik ikustera, surflariak batez ere. Oraingoan lurrera ez ateratzea erabaki dute, horretarako zailtasunak direla medio, eta itsasora eramango duen ontzi baten zain daude.
Duela hilabete eskas, abuztuaren 26an, beste balea bat  agertu zen goizean goiz Zarauzko hondartzan, herriko malekoiaren parean, hiltzear zela. Katxalotea zen hura, eta ur ertzean zendu zen. Hondartzatik ateratzeko hainbat komeria izan ondoren, azkenean garabiaz lortu zuten. Aranzadik balearen gorpua ikertu ondoren, lurpean gorde zuten. Lau-bost urteren ondoren  Donostiako Aquariumean jarriko dute ikusgai.