sábado, 1 de octubre de 2011

Nafarroako tuneletan argi gutxiago piztuko dituzte

Murrizketa honen bidez urtean 333.000 euro aurreztea espero dute
Pasa den ostiraletik aurrera argi gutxiago piztuko dira Nafarroako Errepide sareko tuneletan. Nafarroako Gobernuak energia aurrezteko bide bezala hartu du erabakia. Batez ere tuneletako sarrera eta irteeretan izango du eragina, azken honetan irteerak bi noranzko baditu bakarrik. Gainera egungo argi-errefortzuak kenduko dira aldi lainotsuetan. Hala ere gaueko argiztapena ez da murriztuko zonalde batetan ere.
 Iruñerriko Ekialdeko sahiesbidean ere argi gutxiago piztuko dituzte. Erdibitzailearen argiztapena murriztuko da Cordovilla eta NA-150 errepidearen elkarguneko biribilgunearen artean hain zuzen ere. Erdibitzailearen gainerako argiak gauerdia eta goizaldeko 05:00ak artean itzaliko dira, trafikoaren intentsitatea asko jaisten den uneekin bat eginez. Dena den, Ingurabideko lotuneen argi guztiak piztuta segituko dute gau osoan, bide-segurtasuneko puntu kritikoenak baitira.
Nafarroako Gobernuak adierazi duenez 2.091.000 kilowatio gutxiago gastatuko dira, eta horrekin urtean 333.000 euro aurreztea espero da. Guztira 1.523 argi itzaliko dira Nafarroako tuneletan, eta Iruñea ekialdeko sahiesbidearen kasuan 202. Baztan-Bidasoa eskualdeetako hainbat tunel izango dira salbuespen bakarrak: Belatekoa, Almandotzekoa, Sunbillakoa eta Berakoa hain zuzen ere.
Aurrezteko plana martxan jarri aurretik, Sustapen eta Etxebizitza Departamentuko Zaintza Zerbitzuak  hainbat argiztapen-proba egin ditu tuneletan eta Iruñea Ekialdeko sahiesbidean.


No hay comentarios:

Publicar un comentario