domingo, 18 de diciembre de 2011

Musika eta elkartasuna Hendaian

Olentzero Rock jaialdia antolatu da haur behartsuentzat jostailuak biltzeko asmoarekin
Unai OIARTZUN
Olentzero inoiz baino rockeroago iritsi da aurten Hendaiara. Herriko merkatu zaharrean egin diote harrera jendetsua, musika kontzertu batekin. Bertan ez da sarrerarik ordaindu behar izan, baina trukean jostailu bana eraman behar izan dute hurbildu diren ikusleek. Bildutako guztiekin, eskualdeko familia behartsuenetako haurrak zoriontsu egin nahi izan dira.
Abenduaren 3an Olentzero Rock jaialdia ospatu zen, Hendaiako Denentzat zentro sozialak antolatuta. Lapurdiko herriko Les Halles merkatuan kontzertua izan zen gaueko hamarretatik aurrera,  Flying Sextoys (Bidart), Luz de Putas (Hondarribia) eta Yassa (Frantzia) ska eta reggae taldeekin. Helburua Behe Bidasoako haur behartsuenentzat jostailuak lortzea izan zen. Horretarako, sarrera ordaindu beharrean, kontzertura hurbildu zen jendeak jostailu bana eraman behar izan zuen. 300 jostailutik gora jaso ziren azkenean, ondoren eskualdeko familia behartsuen artean banatu zirenak, haurrei oparitu ziezaizkieten. Kontzertura joan ezin izan zuen jendeari gainera, antolatzaileekin harremanetan jartzeko aukera eman zaio, jostailuren bat emanez laguntzeko aukera izateko.
Hendaiako Lanetik Egina musika elkartea eta Denentzat zentro soziala izan dira antoltzaileak.  Gorreti Martiarena hendaiarra azken honetako kidea da. Honela azaldu zuen Olentzero Rock jaialdia: “Aste honetan Olentzero eguna prestatzen ari gara. Kontzertu bat izango da gauean, jostailuak biltzeko”. Baina aurretik azaldu bezala, ez da kontzertu arrunta izango: “Hori dena da sosa biltzeko edo erregaloak biltzeko, haur pobreentzat, laguntzeko pixkat, momentu honetan uste dut jende askok behar duela”. Hendaian eta eskualdean beharra dagoela uste du Gorretik: “Bai, Hendaian behar hori badago. Hendaian, Behobia, Behobie, Urruñako zona horretan bada jende asko behar duena”.


Kontzertua gaueko hamarretan hasi zen, baina aurretik beste hainbat ekintza egon ziren arratsalde osoan zehar, haurrei zuzenduta edota haurren inguruan. Horien artean haurrek maiz egiten duten interneten erabilera ez egokiaren inguruko konferentzia bat antolatu zen. “Guraso askok uzten dituzte haurrak eta ez dakite zer egiten duten. Badira arrisku asko eta horren inguruan jolastuko dugu” azaldu zuen Martiarenak.
Maider Mihura eta Andrea Perez irundarrak dira, baina ekimenaren originaltasunak eta asmoak erakarrita kontzertura hurbildu ziren. Maider Mihura: “Ilusioa egin zidan horrelako ekintza ezberdin bat egotea hemen inguruan. Bide batez zuk disfrutatzen duzu kontzertuarekin eta nolabait laguntzen diozu behar duen jendeari”. Gaur egun teknologia berriek ekitaldien iragarpena ere aldatzea lortu dute. Irundarrek sare sozialen bidez izan zuten kontzertuaren berri. “Tuentira iritsi zitzaigun ekitaldi bat eta interesgarria iruditu zitzaigun” azaldu du Andreak. Neskak hegoaldekoak izanik, giro ezberdina aurkitu zuten Hendaian. “Adin ezberdinetako jendea ikusi genuen. Bazegoen gu baino hiru urte gutxiagoko jendea, eta gu baino nahiko zaharragoan ere  bai” dio Maiderrek.
Orokorrean, Olentzero Rock jaialdia oso positiboa izan dela aipatu dute neskek, eta horrelako ekintza gehiagoren beharra azpimarratu dute. Andrea: “Ongi dago. Normalean horrelako kontzertuak doan izaten dira, baina horrela badaukagu aitzakia bide batez jendeari laguntzeko. Azkenean soberan dauzkagun jostailuak dira eta ematean ondo sentitzen zara”. Bigarren urtez ospatu da elkartasun jaialdi hau, eta lehen bi edizioetan izan duen arrakasta ikusita, badirudi ondorengo urteetan ere aurrera jarraitzeko aukera izango duela.
                                       Luz de Putas taldearen kontzertua

No hay comentarios:

Publicar un comentario